XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

- Tontolapiko hori! - esan nion - erreza izan da.

Laster konturatu naiz esnea besterik ez duzula galazten eta gainera marka madarikatu horretakoa ezik, beste guztiak.

Beraz, iratxoa dabil tartean pentsatu dut.

Iratxoak oso jakinguratsuak izaten zaretenez, eguzki-lorearen jukutria egin dizut.

Leihoen gainean, baina barruko aldean, eguzkiloreak ipini ditut.

Neuk jakin dut nire etxean sartzen bazara, irten baino lehenago eguzkiloreak zenbat osto dituen jakin nahi izango duzuna.

Beraz, eguzkilorea borobila denez, logikoa da kontatzean galtzea eta berriro hastea; berriro hastea eta berriro ere galtzea logikoa den bezala.

Hasi eta galdu, hasi eta galdu egongo zarela jakin dut.

Eta hara! berton zaude.

Jakingurak galdu zaitu.

Zer esango dizuet nik? begikoa nuen iratxoa.

Akordiora heldu ginen: nik ez nuen salatuko eta berak egunero lantegian Esnezti brick parea lapurtuko zuen niretzat.

Horrelaxe egin genuen hiru urteetan zehar.

Gainera nik komiki zaharrak erregalatzen nizkion, basoko lagunetzat.

Ez dakit zein izan zen ikusi nuen azken eguna.

Bapatean desagertu egin zen.

Ez zen beste inoiz itzuli.

Zer gertatu ote zen galdetu izan diot neure buruari, erantzuna orain dela hiru egun etorri izan zaidan arte.

Basauriko gartzelara joan naiz Jontxu aiztoa bisitatzera eta bertan nagoela, hara non agertzen den zorioneko iratxoa.

- Zer egiten duzu hemen? - galdetu diot.

- Esnea lekuz aldatzen harrapatu naute lantegian eta, beno... ikusten duzuna... gartzelara.

Basoko ieltxoa gartzelan? Hori ezin da parkatu.

Zerbait asmatu behar dut iratxoa gartzelatik ateratzeko.

Beno, hobeto esanda, zerbait asmatzen hasi naiz, ja.

Zer den, iratxoa gartzelatik ateratzen dudanean kontatuko dizuet.